XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Denok kontent

KIKE DIEZ DE ULTZURRUN

Iragan zen, bada, maiatzaren 28a, eta sozialistek zartako ederra hartu zuten, euren porrota estaltzen saiatzen ari badira ere.

Iragan zen, bai, hauteskunde eguna.

Nola ordea? Ba, ez dirudi gaizki joan zitzaigunik, politika gizon emakumeek errandakoei erreparatuta: Dudarik gabe, Estatu Espainiarrari gero eta sendoago oldartzen ari gatzaizkio...;

Parlamentuan gutxixeago baina udaletan gora...; herrietan gorantza goaz, eta zer? Parlamentuan?

Ba ez dugu atera ez, baina Lizarran izugarria eta Eslaban botu bat irabazi dugu...

Ez omen da zer kritikatua, inork ez du bere buruaren gaineko kritikarik egiten.

Alde horretatik ja ere ez.

Kanpoko arrazoiek eraginda gertatu dira gertatu direnak: Gure kontrako eraso zuzena, kupidagabea...; komunikabideen eragina..., Alliren txirula hotsak liluratuta elkargunera joan zaizkigun batzuk....

Azken finean, denok kontent, eman diguten kolpea ez delakoz uste bezain handia izan, eta, bizkor xamar gabiltzalakoz bertze lau urtez bizirik irauteko.

Hala ere, joera hautsi egin zaigu.

Lehenago, beherantzako joerari gorantzakoa jarraikitzen zitzaion, eta, orain, berriz, bi aldiz segituan, ausiki egin digute.

Baina denok lasai behar bada, sarri zer ausikia ez baitute izanen.

Halere, gure aitaren etxeak iraunen du zutik.